XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zure ama balitz...

Bederatzi urterekin hasi zen nire bizitza.

Propio ahaztu omen nuen handik atzerakoa.

Hori esan zion erretoreak izebari, behin, memoria kaxkarra neukala-eta, kezkatuta azaldu zitzaionean.

Haurtzaroko oso gauza gutxi sartzen da nire memorian: izebaren ohe-buruan, zintzilik, begirik kentzen ez zidan krixto gurutziltzatu beldurgarria;

sukaldean, ez zegoen leihoa estaltzeko jarritako kortina loredunak; gauero musua ematera behartuta nengoenez, begiak itxita, esku artean hartzen nuen jesusenbihotz labainkorra; argizariaren usaina, mantela eta serbiletak lisatu eta gero, gela ilunean geratzen zena; aitak behin egindako telefono deia, eta nire amaren kolore biziak.

Kolore kaxa bat iruditu izan zait beti ama.

Kalean nindoala lorategiren bat, neoizko argiren bat edo arrain dendaren bat ikusten banuen amarekin akordatzen nintzen.

Noiz agertuko zain baino, denbora gehiago egiten nuen ze koloretan azalduko zain.

Oso gutxitan asmatzen nuen.

Izeba, aldiz, egingo nuke apustu, kolore hilak ikusita gogoratzen zela bere ahizpaz.